2008-03-18

OpenOffice suite ofimatiko librea

Microsoft enpresa estatubatuarrak Luxenburgok baino askoz diru gehiago kudeatzen du eta estandarren kontra joan da beti. W3C erakundeak jarritako lan-taldeetatik hanka egin du behin baino gehiagotan estandarrez haratago dagoela argudiatuz. OpenOffice.org erakundeak estandarren alde egin du beti Sun Microsystems enpresak suite ofimatikoa eman zionetik. Lan ederra egin du orduz geroztik harik eta Open Document edo Oasis estandarra gauzatu duen arte. Europar Batasunak Open Document (Oasis) formatua erabiltzeko agindua eman du eta hala ere oraindik irakaskuntza publikoan hainbat royalty ordaintzen dabiltza Microsoft-en suite ofimatikoko aplikazio batzuk erosiz. Badakizuenez, orain dela gutxi ISO erakundeak atzera bota du Microsoft-en formatu berria, Windows Vista-rako prestatu duena, estandarizazio legeak onartzen ez dituelako. Gogoratu irakaskuntza publikoan estandarrekin lan egin behar dugula eta hori aspaldi ikasi genuen Linux talde lokaletan. Irakaskuntza Publikoan lan egiten baduzu, sustatu ODT eta ODP formatuak (Open Document eta Open Document Presentation). OpenOffice suita deskargatzen baduzu Microsoft-en formatuez gain, formatu estandar horietan ere lan egin ahalko duzu, OpenOffice konpatiblea delako ia formatu guztiekin. Horrez gain, PDFak klik batez sortu ahalko dituzu. Denak, abantailak. Egizu Software Librearen alde... eta gogoratu Free hitzak bi esangura dituela: librea eta doanekoa; baina, guk erabiltzen dugunean beti egiten diogu erreferentzia "libre" kontzeptuari, softwarean lau libertateak gauza daitezen nahi dugulako. Richard Stallman hackerrak erakutsi zigun hori eta orain dela gutxi berriz ere gogoratu zigun. Bestalde, Software Librea erabiliz gero, DRM gaiztoak zuen bizitzatik kenduko dituzue betiko, zeren Windows sistema erabiltzen duzuenean zabor edo droga adulteratu asko sartzen baitiozue zeuen gorputzari. Espero dut Stallman-i egin nion grabazio hori zuen interesekoa izatea.

No hay comentarios: